Gobierno Vasco

Aurkezpena eta historia

LUZAROren NONDIK NORAKOAK


         1995-96 ikasturtean abiatzen da Luzaro proiektua eta ikastetxea. Aurrez bi ikastetxe zeuden herrian, bata Itziarko Ama ikastola, mementu horretan publikoa eta bestetik Ostolaza ikastetxe publikoa. Bi ikastetxeak herrian errotuta eta aurrez ere elkartzeko saioa egina zutenak.


         Testuingurua: Garai horretan bi ikastetxeek ematen zituzten mailak Haur Hezkuntza 2 urtetatik 5 urtetara eta OHO 6 urtetatik 14 urtetara ziren. Hezkuntza Planak aldatzear zeuden eta OHO desagertzekotan zen. Bere ordez ezarriko ziren, Lehen Hezkuntza 6 – 12 urte eta DBH 12 – 16 urte, Batxilergoa ere aldatuz. DBHko ikasketak ikasle guztiek egin behar zituztenez eta horretarako ikastetxerik ez zegoenez herrian, Mutrikura edo Elgoibarra joan beharko zuten ikasleek behin 12 urte betez gero. Ez zitzaigun iruditzen 12 urterekin herritik kanpora irten beharra izatea egokia zenik eta Hezkuntza Sailakoekin eta Udaletxekoekin bilerak egin ondoren, Hezkuntza Sailak proposatu zigun bi ikastetxeak batean bilduz gero, DBHko zentrua herrian eraikiko zutela. Ikusiaz zein egoeretan zeuden orduko bi ikastetxeak, alde batetik, eraikin zaharrak, desegokiak… eta bestetik, herriko ikasle guztiak hartzeko edukierarik gabe, Haur eta Lehen Hezkuntzako bi zentru eraikiko zituztela agindu zuten. Lehenik DBHko ikastetxea eraiki zen 1999-2000 ikasturterako, ondoren Ifarkaleko Haur Hezkuntzakoa 2003-04 ikasturterako eta azkenik, Itziarko Bideko Lehen Hezkuntzakoa 2009-10 ikasturterako.


         1995-96 ikasturtean bi ikastetxeetako zuzendari eta ikasketa buruak elkartuz osatu zen ondorengo bi urtetan egongo zen zuzendaritza. Lehenengo urtean Ostolazako zuzendaria, zuzendari izango zen eta Itziarko Amakoa idazkari. Bigarrengoan, alderantziz, bietako ikasketa buruek ikasketa buru izango ziren bi urte horietan. Beraz, taldea hirukoa izan beharrean, laukoa izan zen. Ondoren hauteskundeak egon ziren eta hiruko talde klasikoa osatu zen.


         Bazegoen ere gainditu beharra zegoen desberdintasun metodologikoa bi ikastetxeen artean. Itziarko Ama Ikastolan, ikastoletako metodologia, Haurtxoa, Axelko, Otsoko… eta Ostolaza ikastetxe publikoan, Amara Berrikoa OHOko 6garren maila arte iritsia zen. Bi metodologiak uztartzeko, hasiera batetan bost sei urtetako epea jarri zen pausoka egin ahal izateko. Irakasle eta zuzendaritzak makina bat bilera egin zituzten hori bideratzeko. Hasierako zailtasunak gainditu ondoren ikusi zen arazorik ez zela sortzen prozesua bizkortuz eta horrela laugarren urtean prozesua amaitutzat eman zen. Aldi berean irakasle aldaketa ugari egon zen, batzuk herriz aldatu zirelako eta beste batzuk hasi berria zen DBHko ikastetxera joan zirelako.


        Izenak izana ematen duenez, Luzaro izenez ere azalpenak eman behar dira. Elkarketako lehen urtean Ostolaza-Itziarko Ama bezala ezagutu zen ikastetxe berria. Bigarren urtean inkesta bat pasa zitzaien gurasoei izen bat aukera zezaten. Izen ugari jaso ziren baina bai zuzendaritzakoei eta baita guraso elkartekoei ere, ez zitzaien bat bera ere gustatu. Horretan, zuzendariak, “Las inquietudes de Shanti Andia”, Pio Barojaren idazlana ekarri zuen eta irakurtzeko gonbitea egin zuen. Irakurri ondoren, garbi geneukan, Pio Barojak bere idazlanean deskribatzen zuen “Lúzaro” herria, Deba zela. Izena egokia iruditu zitzaigun lotura literariogatik eta baita ere gure proiektuak luzarorako itzala edukitzea nahi genuelako. Esan beharra dago bestetik, garai batetan, “Gazteen Elkartea” erakundeak, argitaratzen zuela “Lúzaro” izeneko aldizkaria.

 


© luzaro
Telefonoa: 943191202 | Fax: 943191656 | Telefonoa: 943191046 | Telefonoa: 943199140 | Telefonoa: 943199306 | admin@www.luzaro.hezkuntza.net